Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aurrez aurreko kontrastea

Dokumentuaren akzioak

Aurrez aurreko kontrastea

Seine Saint Denisko Nazioarteko Topaketa Koreografikoak (I)

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2001/10/21

Bi urtean behin gertatzen den legez, abian dira Paris inguruko Seine Saint Denisko topaketa koreografikoak. Bilboko La Fundicion aretoak antolatu du Estatu mailako plataforma, aurtengoan BAD (Bilbao Antzerki Dantza) ekimenaren baitan.



Lehen ekitaldia Idoia Zabaletari egokitu zitzaion. Aspaldian liluraturik gaituen gernikar dantzariak Borja Ramos artista polifazetikoarekin aritu da La puta inocencia sortzean eta, aurrekoetan bezala, zintzotasuna eta araztasuna izan ziren nagusi oraingo honetan ere.



Ikusleon harridurarako, aretoko atzeko atea zabal-zabalik egon zen emanaldi osoan zehar, kanpoan saskibaloi pilota batekin aritzen zen neska bat zegoelako. Aretoko behegainean pilotaren irudiak proiektatzen ziren, eta kaleko hotsak eta eragina ezin nabariagoak izan ziren Idoia bere mugimendu pausatuei ekiten zien bitartean.



Tonuz aldatzen joaten zen danga edo durundi baten erritmo geldoan hasi zen Idoia arropa eranzten, tarte txiki bana utziz beso bako alkandora beltz, larruzko praka gorri eta kuleroen desagertzeen artean. Eta, jakina, kalean eta barruan gertatzen zenaren arteko eragina gorantz joan zen etengabe, gu geu gauza debekatu bat behatuko bagenu bezala geratzen ginela.



Ekitaldiaren amaieran agur egin zigun dantzariak, esku biak sorbaldan jarriz, izpirituz garbiak omen diren aingeruen hegalen gisa agian.



Bikote kontuak ostera ere



Damian Muñozena izan zen bigarren txanda, baina bere koreografian ez zuen berak dantzatu, Virginia Garciak eta Jorge Jauregik baizik. Aurreko piezarekin alderatuta, ageri-agerian geratu zen sortzaile bien arteko kontrastea, gasteiztarrak artifizio eta mugimendu korapilatsuaren aldeko apustua egina baitu aspalditik.



Hasiera batean plastizitate handiko irudi ausartak sortu zituzten bi dantzariek, giro ilun batek lagunduta. Baina laster abiatu ziren betiko bideetatik, bikote kontuak esplizituki azaleratuz eta piezaren balioa nabarmen gutxituz, ikuste-efektu politak eta ahalegin handiko ariketak tartekatu arren. Galdutako interesa, baina, amaiera aldera berpiztu zen, dantzaren atzetik dantzari bien ahotsak entseiu batean-edo entzun zirenean piano musika suabe batek lagunduta.

Dokumentuaren akzioak