Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Arlorako diru gutxi eta zirkuiturik eza dira arazo nagusiak dantzarien ustez

Dokumentuaren akzioak

Arlorako diru gutxi eta zirkuiturik eza dira arazo nagusiak dantzarien ustez

Dantzan ez da mugimendurik nabari, maiatzean ez bada

Egilea
Amagoia Mujika /Donostia - Edurne Elizondo / Iruñea
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Erreportajea
Data
2000/05/03

EGUNOTAN dantza ikuskizun anitz dago Euskal Herrian. Maiatza izaten da dantza ekitaldien hilabete handia, eta Dantzaren Nazioarteko Eguna da ikuskizunon iragarle. Hala ere, maiatza amaitzean ez dago dantzarik, ez konpainiarik, ez mugimendurik. Hutsune handia dago, eta hori bete dadin eskakizun asko. Dantzaren Nazioarteko Eguna, hain zuzen, aitzakia da komunikabideetan aldarrikapenak egiteko, dantzarien iritziz, jendea kontzientzia dadin saio berezia.

Zer behar du dantzak mugimendua biziagoa izan dadin? Zer, dantzariak maizago mugi daitezen? Zer, ikusleak gorputz adierazpenaren zale bilaka dadin? Dantzak ez du bizitzeko dirurik ematen, nahiz gorputzaren mugimenduez sortutako artearen adituek horretan bizitza jartzen duten. Galdera horien erantzunetan bat datoz dantzariak.

Hauxe dio Arantxa Balenziaga A Deshoras Donostiako dantza garaikide konpainiako kideak: «Dantzari oso diru gutxi eskaintzen zaio, antza denez, zale gutxi dagoelako, baina afizioa programazio zabala eta anitza eskainiz lortzen da. Horretaz gainera, diru hori gaizki banatzen dela uste dut». Eta ikuskizunak ez dira behar bezala programatzen, haren ustez: «Ezjakintasun handia dago programatzaileen artean. Hemen, Donostian, maiatzean eskaintzen diren ikuskizunetatik kanpo, Donostia Kultura saiatzen da hilean behin ikuskizun bat eskaintzen. Baina, nire ustez, antzerkia programatzea gauza bat da, eta beste bat dantza eskaintzea. Betiko ikuskizunak soilik aurki ditzakegu, salbuespenak badiren arren».

Tempomobile Nafarroako konpainiako koreografo eta zuzendari Becky Siegelentzat ikuskizunak maiatzetik kanpo lekurik ez izatea da arazo nagusia: «Eszena jaialdian jendeak interesa baduela agerian gelditu arren, ez dira dantza ikuskizunak ekartzera ausartzen. Ohiturarik ez dagoela diote, eta, ondorioz, ez dituzte dantza emanaldiak antolatzen. Baina horrela nekez sortuko da ohitura».

Dantza ikuskizun bera hainbat lekutan eskaintzeak lagunduko luke egoera hobetzen, Balenziagaren arabera, «Gasteizera ikuskizun interesgarri bat ekartzen badute, Donostiara ekartzeak ez luke diru asko kostako». Siegelek, berriz, hauxe dio: «Nafarroako hirien eta herrien arteko eta probintzia arteko sarea osatzea da premietako bat, dantza ikuskizunak antolatzea eta ekartzea errazagoa izan dadin». Isaias Jauregi Ballet Biarritzeko dantzari profesionalak dioenez, egoera bestelakoa da Iparraldean: «Badira hainbat eta hainbat dantzari aurrera egin ezinik dabiltzanak, baina uste dut Frantziak kasu honetan Espainiak baino sentsibilitate handiagoa duela dantzarekiko, eta, ondorioz, Iparraldean egoera hobea dela. Horrek ez du esan nahi behar beste egiten denik, hala ere. Hori, gainera, dantza garaikidean eta klasikoan gertatzen da; euskal dantzetan ez da gauza bera, laguntza hutsaren hurrena baita»

Hiru dantza konpainia besterik ez

HIRU konpainia profesional besterik ez dago Euskal Herrian. Gipuzkoan A Deshoras, eta Tempomobile Nafarroan, horiek biak garaikideak, eta Miarritzen Ballet Biarritz, klasikoa. Euskal dantzan, jakina denez, ez dago horrelakorik.

A Deshoras konpainia elkarte kultural gisara osatua dago, eta beste hainbat lanekin osatzen dute bizibidea taldeko kide Maite Berasategik, Arantxa Balenziagak eta Silvia Clementek.

Nafarroako dantza konpainia egonkor bakarra da Tempomobile. Becky Siegel estatu batuarrra da taldeko koreografo eta zuzendaria, eta, harekin batera, Jon Barbarin, Igor Calonge, Pello Otano eta Montserrat Zabalzak osatzen dute Tempomobile. Gurean baino lan gehiago egiten dute kanpoan. Tempomobile konpainiak, dantza ikuskizunak egiteaz gain, dantza eskolak ere ematen dituzte taldeko hainbat kidek, eta, beste batzuk aktore ere badira.

Ballet Biarritz izango da ziurrenik jarduera gehien izaten duena urtean, emanaldiak Euskal Herrian eta Frantzian eskaintzen ditu batez ere.

Dokumentuaren akzioak