Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka ‘Katalina de Erauso’ pastorala eginen dute ekainaren 5ean Baionan

Dokumentuaren akzioak

‘Katalina de Erauso’ pastorala eginen dute ekainaren 5ean Baionan

Libre izateko borrokatu zen emakume baten istorioa da. Antolatzaile eta antzezleen artean, 150 pertsonak parte hartu dute. Desfilea eta bazkaria prestatu dituzte antzezpenaren egunerako.
Egilea
Bidatz Villanueva Etxague
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2016/05/21
Lotura
Iparraldeko Hitza

Katalina de Erauso pastoralak izen bereko emakumearen istorioa kontatzen du, XVI. mendean girotua. Donostiako komentutik ihes egin zuen, emakume izateagatik zuen etorkizunari ihes egiteko. «Emazte baten historia eta borroka da. Mundu bortitz batean borrokatzen da, libre izateko, ezpatarekin askotan», Pantxika Urruti pastoraleko lantalde artistikoko kide eta zuzendarietako baten hitzetan. Nabarmendu du lehen aldia dela Euskal Herrian emakume baten inguruko pastorala emakume batek idatzi eta hainbat emakumek zuzentzen dutela.

Pastorala datorren ekainaren 5ean antzeztuko dute, 15:30ean, Baionan, Lauga kirol jauregian. Beste emanaldi bat ere izanen da, Donostian, irailaren 3an, Viktoria Eugenia antzokian. Pastorala Maite Berrogainek idatzi zuen, 2008an, eta duela hiru urte hasi ziren prestatzen. Orduan, elkartea sortu, eta lantaldetan banatu ziren. 150 pertsonak parte hartu dute antolatzaile, antzezle, musikari, dantzari eta bestelakoen artean.

Presondegi batetik ihes egingo du Katalina de Erausok, eta beste batera sartuko dute; gizonez mozorrotu beharko du; Hego Amerikara bidaiatuko du; basamortu bat zeharkatuko du; eta, Urrutik azaldu duenez, beste hainbeste pasarte ere biziko ditu protagonistak. «Ikuskizun hunkigarria izanen da, eta, ziurrenik, harrituko gaitu», gaineratu du.

Herritarren inplikazioa nabarmendu du antolatzaileak. Antzezleak 80 dira. Gizonen eta emakumeen kopurua bertsua da. Adin tartea, handia: txikienak 6 urte ditu, eta helduenak, 75. Dantzari eta musikariak ere koordinatu behar izan dituzte. «Boz ederrak dira», esan du Urrutik. Haren ustez, «aski naturalki» igaro da prestaketa. Sahatsa euskal dantza taldea izan da gonbidatuetako bat. Azkoitiko eta Azpeitiko (Gipuzkoa) dantzariak dira, eta ezpata dantza egiteko deitu zituzten. Katalina de Erausoren istorioak ezpatekin zerikusi handia duela adierazi zuten Sahatsako kideek, haien parte hartzeaz galdetu zietenean.

Gillaume Irigoien pastoraleko kideak nabarmendu du ekainaren 5a «egun partekatua» izanen dela. Hau da, kultura eragileekin batera antolatu du eguna pastoralaren elkarteak: «Desfile bat izanen da egun horretan. Tartean, musikariak eta bertsolariak ere izanen dira». Gero, bazkari bat eginen dute, eta, Irigoienen arabera, leku askotatik espero dute jendea. Txartelak salgai daude jada. Taloak ere izanen dira.

Irigoien pozik azaldu da pastoralak hartu duen norabidearekin: «Egin ahal genuen nehor ohartu gabe, baina 50.000 biztanleko hirian nahi izan ditugu egin hainbat ekintza». Adierazi du jendaurreko errepika eta mustraka «arrakastatsuak» izan direla. Euskaraz egin dituzte, Urrutiren arabera, «euskaraz dakienak euskaraz mintzatu ahal izateko, eta ez dakienari nahia sortzeko». Lehena apirilaren 17an izan zen, Cite des artsen. Bigarrena, joan den igandean, Baionako MVC Polo Beyris aretoan.

Prozesu luze baten ondorio izan da pastoralaren prestaketa. Antzezleak hautatzeko saiakerak egin zituen pastoralaren elkarteak. Lau aldiz egin zuten entsegua, eta azken aldi horretan banatu zituzten rolak. Katalina de Erausoren pertsonaia antzezteko, esaterako, lau antzezle izanen dira, haren bizitza irudikatzeko.

Gainontzeko antzezleetako askok rol bat baino gehiago jokatu beharko dute pastoralean, pertsonaia asko dagoen seinale. Musikariak hemeretzi dira, eta dantzariak, hamasei. Eguna heldu bitartean, azken uneko prestaketetan jarraituko dute. «Prest gara», baieztatu du Urrutik.

Eskerrak laguntzaileei

Pastoralaren elkarteak erakusketa bat jarri du Baionako Euskal Museoan Katalina de Erausoren inguruan. Mediatekan ere konferentzia bat egin zuten. Irigoienek eskerrak eman dizkie lagundu duten elkarte eta lagun guztiei. Le Fil de Saint Esprit Baionako elkarteak jantziak egiten lagundu die, jostunen elkargune bat baita.

Horrez gain, «mugaz gaindiko pastorala» dela ohartarazi du; Donostia eta Baiona batu dituena, alegia. EKE Euskal Kulturaren Erakundea, Colette Capdevielle diputatua, Cite des Arts, Eusko Ikaskuntza, Euskadi-Akitania euroeskualdea eta departamendua aipatu ditu, besteak beste, eskerrak emateko; Baionako Hiriaren sostengua ere bai. Izan ere, 15.000 euroko diru laguntza eman die, besteak beste. Donostiatik ere laguntza jaso dute.

Baionako alkate Jean Rene Etxegaraik adierazi du «herrialde honekiko ardura morala» duela: «Berebiziko ondare kultural bat dugu, eta hori sostengatzeko balio du pastoralak».

Katalina_de_Erausoren_mustraka_publikoa

Dokumentuaren akzioak