Esku aldatzeko doinua, abarketak edo axeri-dantza, bakoitza bere dantzakeran. Besteak beste, herri bakoitzeko dantzatzeko era propioak bildu eta aldarrikatu ditu Mikel Sarriegik Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordekotza ezkutua ikerketan eta lanaren aurkezpenean Gipuzkoako hainbat herritako ordezkariak norbere dantzakeran aritu dira, hau da, norbere hizkeran eta gorpuzkeran dantzan. Ekitaldia soka-dantzarekin borobildu da, bertaratutako guztiak sokan eskuz esku batuta dantzan. Honako herrietako dantzariek dantzatu dute abarketen zatia bata bestearen segidan: Andoain, Antzuola, Añorga, Berastegi, Donostia, Eibar, Elgoibar, Lizartza, Tolosa, Ordizia, Oñati, Zarautz, Zumarraga, Katalunia eta Beasain. Irudiak: Oier Araolaza, Amaiur Aristi. Gipuzkoako aldairak, abarketak, 2024-03-09.
]]>Zapurrak, bolant-dantzariak, musikariak, bertsolariak eta azkenik, zirtzilak sartu dira Baigorriko Plaza Xoko gelara. Eguraldi euritsua dela eta aurtengoan barnealdean egin behar izan da libertimendua; kanpoan hotz da, baina barruan goxo eta segituan, goxotik berora pasa da giroa. Dantza, musika, antzerkia eta bertsoa. Arrola taldeko bolant-dantzariek herriko zirtzilekin txandakatu dute plaza. Lehenak xuxen dantzan eta bigarrenak bihurri, herriko hainbat gertakari antzeztu dituzte umoretik eta kritikatik. Bertsolariak musikarien alboko ertz batean kokatuta, isilik begiratu dute plazan gertatzen ari zena, baina euren txanda iristean astindu dituzte mingainak haiek ere. Bukaeran, bolantek bidali dituzte zirtzilak eta herritarrak gonbidatu dantzara. Irudiak: Oier Araolaza. Libertimendua, Baigorri, 2024-03-03.
]]>Gipuzkoako eta Euskal Herri osoko dantza-maisuak eta dantzazaleak batu dira Beasainen martxoaren 9an Mikel Sarriegik (Beasain, 1965) idatzitako Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordekotza ezkutua lanaren aurkezpen ekitaldi nagusira. Ezpata-dantzarekin harrera egin ondoren Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Leire Artola Beasaingo alkatea, Jokin Otamendi Aranzadiko presidentea eta Mikel Sarriegi berak hartu dute hitza Igartzako jauregian egin den ekitaldian. Bildutako guztiak eskutik helduta soka-dantzan aritu dira eta Gipuzkoako zenbait herritako dantzakerak ere agertu dira esku-aldatzeko doinuan. Carles Más dantza aditu kataluniarrak euskal agurra edo erreberentziarekin parekotasunak dituen Berpizkundeko pabana dantzatu du. Ekitaldian hitza hartu dutenen interbentzio zatiak eta Iñaki Arregi, Maite Irizar, Xabier Etxabe, Josu Mujika eta Carles Mas-en hitzak bildu ditugu honako erreportajean. Irudiak: Amaiur Aristi eta Oier Araolaza. Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak: Mikel Sarriegiren liburuaren aurkezpena Beasainen, Dantzan, 2024-03-09.
]]>Pagolako gazteek plazaratu zuten lehen maskaradetako gabota dantza duzue honakoa. Zazpi aitzindari aritu dira; entseinari Xabi Etxart, zamaltzain Xan Intxastoitxipi, txerrero Idoia Lekarotz eta Lore Teilagorri, gatuzain Klea Etxart eta Mattin Laskarai eta Kantiniersa Maika Bartaburu.
Borobilean dantzatu dute, dantza-jauzien gisan, baina zenbait kasutan ilaran edo bien arteko uztarketa eginda ere aurkeztu izan dan dantza hau. Zuberoako maskaradetako dantza ezagunenetakoa da eta arratsaldeko saioan aitzindariek dantzatzen dute. Nafarroa Beherean eta Lapurdin ere dantzatu izan da, beste erritmo eta urrats batzuekin. Gabotaren hainbat idazkera jasoak ditu Migel Angel Sagasetak: Gavòta, La Gabota, Lagabota, Lagabotta, La Gabotte, Gavotte, La Gavotte, La Gabote...
Irudiak: Amaiur Aristi. Pagolako maskaradak, Gabota, Pagola, 2024-01-21.
]]>
Mutil-dantza edo Hiru bueltakoa nola dantzatzen duten esplikatu digute mozorro-zuriek. Arantzako dantza-luzearen bigarrena da mutil-dantza. Abiadura handiena duen dantza da eta aurrera joan ahala azkartu egiten dira.
Arantzarrek herrian bertan dantzatzen duten dantza-luzearen hainbat zati urratsez urrats azaldu dizkigute. Herriko festetan dantzatzen dute dantza-luzea eta inauterietako hainbat geldialditan giroa berotzen denean Arantzako dantza-luzearen parte nagusiak diren hiru dantzak egiten dituzte: zortzikoa, neska-dantza eta mutil-dantza. Maddi Larraldek eta Andoni Mitxelenak eman dizkigute azalpenak. Andoni eta Beñat Mitxelenak akordeoiarekin jo dituzte doinuak eta Maddi Larralde, Leire Bereau, Eneko Zulaika eta Ekai Madariagak dantzatu dizkigute urratsak.
Irudiak: Idoia Lahidalga, Amaiur Aristi. Mutil-dantza, dantza-luzea, tutoriala, Arantza, 2024-02-02.
]]>Martxoaren 9an aurkeztuko du Mikel Sarriegik (Beasain, 1965) Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordekotza ezkutua lana. 20 urtetik gorako ikerketan Goierriko eta Gipuzkoako dantza-sistemaren azterketa sakon eta xehea egin du. Juan Inazio Iztueta erdigunean jarrita, Europako dantza-eskolatuen erreferentzietatik hasi eta Gipuzkoan herriz herri jaso ditu idatzizko, ahozko eta gorputzezko datuak. Horrela, azken hamarkadetan Gipuzkoako dantzetan erreferentziatzat jo diren zenbait molde eta eredu zalantzan jarri ditu. Bideo honetan jaso ditugu Sarriegiri Oier Araolazak eginiko elkarrizketako zenbait pasarte, hemen elkarrizketa osoa. Aurkezpena martxoaren 9an izango da, Beasaingo Igartza jauregian. Ekitaldira sartzeko beharrezkoa izango da gonbidapena. Irudiak: Amaiur Aristi. Mikel Sarriegi Gipuzkoako dantzen inguruan egin duen ikerketaz, Eibar, Dantzan, 2023-11-28.
]]>Klakera edo tap-dantzara hurbiltzeko ahalegina egin dugu 2023ko urtea bukatu aurretik. LarraitzUgartemendia klake dantzaria gonbidatu dugu Dantzan Ikasira. Lurrari erabat lotuta dantzatzen den moldea dela diok Ugartemendiak eta hori gertuko zaigu euskal dantzarioi. Klakea, tap-dantza, clogging... Tradiziozko oin-jokoak munduko hainbat kulturatan aurki ditzakegu izen eta forma propioekin. Gurean zapateatua izango litzateke, Iztuetak oin-punta orpoarekikoa edo zapateoa deitzen ziona. Irudiak: Gari Otamendi. Klake ikastaroa, Dantzan Ikasi, Larraitz Ugartemendia, Eibar, 2023-12-01.
]]>Arantzako neska-dantza pausoz pauso ikasteko gida duzue honakoa. Neska-dantza deitzen diote Arantzako dantza-luzean neskek dantzatzen duten zatiari. Inauterietan neska-mutilek denek batera dantzatzen badute ere, Arantzako jaietan plazaratzen duten dantza-luzean bereizi egiten dira genero rolak. Mutilekin sokan dantzatu ondoren, neskek zirkulu ireki bat osatzen dute eta neskek bakarrik egiten dute dantza hau.
Arantzarrek herrian bertan dantzatzen duten dantza-luzearen hainbat zati urratsez urrats azaldu dizkigute. Herriko festetan dantzatzen dute dantza-luzea eta inauterietako hainbat geldialditan giroa berotzen denean Arantzako dantza-luzearen parte nagusiak diren hiru dantzak egiten dituzte: zortzikoa, neska-dantza eta mutil-dantza. Maddi Larraldek eta Andoni Mitxelenak eman dizkigute azalpenak. Andoni eta Beñat Mitxelenak akordeoiarekin jo dituzte doinuak eta Maddi Larralde, Leire Bereau, Eneko Zulaika eta Ekai Madariagak dantzatu dizkigute urratsak.
Irudiak: Idoia Lahidalga, Amaiur Aristi. Neska-dantza, dantza-luzea, tutoriala, Arantza, 2024-02-02.
]]>
Arantzako zortzikoa nola dantzatzen duten erakutsi digute Arantzako mozorro zuriek. Hasteko, txapela eskuetan dutela, agur egiten diote elkarri eta jarraian hasten dira dantzan. Dantzan bi zati bereizten dituzte, lehenengoa eta bigarrengoa deitzen diete. Zortziko honi dantza-luzearen lehenengo mutil-dantza ere deitzen zaio.
Arantzarrek herrian bertan dantzatzen duten dantza-luzearen hainbat zati urratsez urrats azaldu dizkigute. Herriko festetan dantzatzen dute dantza-luzea eta inauterietako hainbat geldialditan giroa berotzen denean Arantzako dantza-luzearen parte nagusiak diren hiru dantzak egiten dituzte: zortzikoa, neska-dantza eta mutil-dantza. Maddi Larraldek eta Andoni Mitxelenak eman dizkigute azalpenak. Andoni eta Beñat Mitxelenak akordeoiarekin jo dituzte doinuak eta Maddi Larralde, Leire Bereau, Eneko Zulaika eta Ekai Madariagak dantzatu dizkigute urratsak.
Irudiak: Idoia Lahidalga, Amaiur Aristi. Zortzikoa, dantza-luzea, tutoriala, Arantza, 2024-02-02.
]]>Oñatiko inauteri lantaldearen ekimenez eta ehunka herritarren eta Oñatz dantza taldearen parte hartzearekin ospatzen da Oñatiko inauteriak karnabal larunbatean. 250 dantzari inguruk parte hartzen dute Oñatiko inauterietan. Dantzari eta musikariez gain hainbat mozorro agertzen dira bertan: Kondea eta Kondesa, borreroak, pregoilaria, txokolateroak, errementariak, laiariak, traperoak, laiariak, hartza eta zaintzailea, emaztegaia eta senargaia, gauzaina, mikeletea, apezpikua, akolitoa, alkatea, umea eta bere zaintzailea eta erraldoia. Musikak, dantzak eta festak betetzen ditu Oñatiko kaleak inauterietako larunbatean. Irudiak: Maite Irizar. Oñati, inauteriak, 2024-02-10.
]]>Arizkunen sagar-dantzariak kalez kalez dantzan ibili dira inauteri asteartez. Musikarien doinu eta erritmora mugitu dira herrian zehar karrika-dantzan, eta geldialdietan sagar-dantza dantzatu dute. Geldialdi bakoitzeko dantzaren bukaeran merezitako saria jaso dute sagar-dantzariek: sagardo tragoxka. Irudiak: Josu Garate. Sagar-dantza, inauteriak, Arizkun, 2024-02-13.
]]>Zortzikoa dantzatu dute askariaren ondoren Lantzeko herritarrek ostatuan, eta segidan ganbarara igo dira mozorroa janztera. Hantxe zegoen Miel Otxin zutik, geldi-geldik, zelatan; eta Ziripot janzten hasi dira, zakuzko gizona behar lehorrez betetzen. Kalean zehar lurrera botako dute behin eta berriz, ondo prestatzea komeni da, ganbaran ere egin du lurrera botatzeko froga. Txatxoak kolorez jantzi dira eta aurpegiak estalita kalera irteteko prestatu. Arotzak atera dira lehendabizi, eta jarraian, Ziripot, zaldikoa eta txatxoak. Herriari itzulia eman diote mozorro guztiek; Karaikoetxean itxaron ditugu zaldikoa bertan ferratzen baitute. Eta goizeko festa plazan bukatu dute berriz ere zortzikoa dantzatuta. Irudiak: Amaiur Aristi. Inauteriak, Lantz, 2024-02-13.
]]>Pirinioetako mendi-artean, Bielsa (Huesca, Espainia) herrian inauteri bortitzak ospatzen dituzte herritarrek. Tranga deritzen mozorroak dira nagusi, bere adar handi, aurpegi belztu, ahuntz larru eta joareekin. Mutuak dira erabat, joareen bidez komunikatzen dira. Cornelio Zorrilla panpinak inguruotan ere eskas diren medikuen tankera hartu du aurten eta plazan zintzilikatu dute sutan kiskaltzeko zain. Onso eta domadorearen arteko jo eta eutsiak ez du etenik, baina basati eta beldurgarrienak Trangak gertatzen dira, joare dantza eta eraso keinu artean. La Garretak gidatzen du segizioa, haren ondoan dira Yedrak (huntzak), eta ez dira urruti El Caballet (zaldikoa) eta L'Amontato. Madamak, zuriz eta apainduta, etxeko atarietan zain daude, Trangak noiz etorriko zain. Dantzari nekaezinak dira Madamak, dantzaren birusak jota bailiran ari dira, dantza eroan, berdin Trangaren besotik, berdin plazan Madamen soka-dantzan. Irudiak: Oier Araolaza. Inauteriak, Bielsa, 2024-02-10.
]]>Gaur zortzi mozorro zuriekin ibili gara Arantzan etxez etxe. Ostegun gizen aurreko ostegunean hasten dituzte inauteriak eta larunbat arte luzatzen dituzte. Herriko gazteak eskean baserrietan eta kalean musikarekin eta dantzan ibiltzen direla azaldu digu Aimar Zubietak (Arantza, 2001) eta egun bakoitzean nola janzten diren Xuban Tabernak (Arantza, 2006). 2017 arte mutilen festa izan da mozorro zuriena, baina duela 6 urte hasi ziren neskak mozorro zuri ateratzen, tartean zen Oihana Etxeberria (1998). Puxka-puxkak zer diren ere kontatu digu. Irati Azpirozek (Arantza, 2005) eta Ane Larraldek (Iruñea, 2005) azaldu digute nola banatzen dituzten bi taldeak eta festako diru kontuak. Inauterietan musikaririk ezin falta; mozorro zuriak dantzan jartzeaz arduratzen dira Andoni Mitxelena (Arantza, 1989) eta Beñat Mitxelena (Arantza, 1987) anaia akordeoilariek. Irudiak: Idoia Lahidalga, Amaiur Aristi. Mozorro zuriak, inauteriak, Arantza, 2024-02-02.
]]>Santa Ageda egunez Altsasun zortzikoa dantzatu dute. Plazan batu dira aurten 18 urte beteko dituzten kintoak, duela 25 urte kinto izan zirenak eta aurten 60 urte beteko dituztenak. Egun neska-mutilek elkarrekin ospatzen dute jaia eta denak ateratzen dira plazara dantzara, baina beti ez da horrela izan. Aurten 60 urte bete dituzten emakumeek beren garaian ez zuten festa bere osotasunean ospatzeko aukerari izan, besteak beste, zortzikoa mutilek bakarrik dantzatzen zuten. 2005. urtean dantzatu zuten lehen aldiz Santa Ageda egunez emakumeek zortzikoa Altsasun. Kinto gazteen eta duela 25 urteko kintoen ondoren 1966an jaiotakoak atera dira plazara. Aurten, Itziar Perez, Iosune Mazkiaran, Nani Iriarte eta Kasilda Lopezek 60 urte beteko dituzten herritarrak ordezkatuz plazan zortzikoa dantzatu dute gainerako adinkideak atzetik zituztela. Lau zati nagusi ditu Altsasun dantzatzen duten zortzikoak eta bakoitzak zati bat dantzatu du eta herritarrek denek batera zubiak osatu dituzte eta jota, porrusalda eta kalejira dantzatu. Irudiak: Amaiur Aristi. Zortzikoa, Kintoak, Santa Ageda, Altsasu, 2024-01-05.
]]>