Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskal Herria dantzaz dantza ezagutzen dabiltza Boiseko Oinkariak

Dokumentuaren akzioak

Euskal Herria dantzaz dantza ezagutzen dabiltza Boiseko Oinkariak

2016/07/14 06:10
Euskal Herria dantzaz dantza ezagutzen dabiltza Boiseko Oinkariak

Oinkari dantza taldeko kideak dantza ikastaro batean Donostian, 2016-07-12. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan.eus CC BY-SA

Idahoko, Boiseko Oinkari dantza taldeko kideak Euskal Herrian dira egunotan, beraien arbasoen herria ezagutu, senideak bisitatu, dantzak ikusi eta ikasi, eta Europako euskal dantzari lagunekin festak ospatuz. Boisetik atera eta Washingtonen Smithsonian Folklife jaialdian dantzatu zuten Oinkariek eta hortik zuzenean etorriko dira Euskal Herrira, egutegi bete eta oparoaz gozatzera.

Boiseko Oinkari Iruñean 2016
Boiseko Oinkari dantza taldeko dantzariak Iruñean, 2016-07-09.

100.000 kroketa Euskal Herrira etortzeko

Bost urte pasa dira azken aldiz Boiseko Oinkari dantza taldeak Euskal Herrirako bidea egin zuenetik, eta ordutik gogor egin dute lana bidaia ordaintzeko sosak biltzeko. 35 kide etorri dira, eta guztien hegaldiak eta hemengo egonaldiko gastuak ordaintzeko lau urte pasa dituzte diru bilketa egiten. Boiseko hainbat festetan saltzeko kroketak egin eta egin, 100.000 kroketa egin omen dituzte, 2200 kg bildots erre prestatu dute, bi sagardotegi afari antolatu dituzte eta beste hainbat ekimen irudimentsu egin dituzte sosak batzeko.

Boiseko Oinkari Donostian 2016 ikastaroa 02
Boiseko Oinkari dantza taldeko dantzariak Donostian, Gari Otamendi eta Oier Araolaza irakasleekin, 2016-07-12. Argazkia: Megan Donahue - Dantzan.eus CC BY-SA

Oporrak baino gehiago

Baina Oinkaritarrak ez dira Euskal Herrira hondartzan etzanda egotera etorri. Ekitaldi, dantzaldi, bisita eta ikastaldi egitarau bete-betea antolatu dute hemen izango diren egunetarako. Uztailaren 6an, San Fermin bezperan iritsi ziren Bilbora, eta 7an, San Fermin egunez Lesakan ziren bertako dantzak ikusten. Ondoko egunetan Oñatin Oñatz taldekoekin eta Iurretan izan dira bertako udalak harrera egin baitie eta Mikel Deuna dantza taldeko kideekin dantzak ikasten aritu dira. Iruñean San Fermin jaietan ere izan dira Ortzadar eta Duguna taldeekin eta festaz gozatzeaz gain dantzatzeko denbora ere izan dute.

Boiseko Oinkari Donostian 2016 ikastaroa 01
Boiseko Oinkari dantza taldeko dantzariak Donostian, Gipuzkoako Dantzak ikasten Gari Otamendirekin, 2016-07-12. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan.eus CC BY-SA

Egutegi bete-betea

Gernikan Astelehenetako merkatuan, Donostian Irritzintzi erraldoi konpartsarekin,... Dantza ikastaroak jaso dituzte Argia taldeko Gari Otamendi eta Oier Araolazarekin, eta ikasten, dantzatzen eta lagunak bisitatzen jarraituko dute datozen egunotan ere. Lehendakariak harrera egingo die Gasteizen ostiralean goizean eta arratsaldean Galdakaon eskainiko dute emanaldia, Andra Mari taldearen babesean. Añorgan Arkaitz taldekoekin Karmen festetan eta Errenterian Ereintza elkarteak antolatutako erromeria egunerekin aletuko dituzte bidaiko azken egunak.