Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Kobreik! Bizkaiko dultzaina Sabin Bikandi eta Asier Garciarekin

Dokumentuaren akzioak

Kobreik! Bizkaiko dultzaina Sabin Bikandi eta Asier Garciarekin

2008/07/10 14:50
Bizkaia Irratia (102,6 Mhz), Bagilak 13

Kobreik!!

Santamariaren paperak. Aire aukeratuak

San Antonio egun honetan, hemen doguz Asier Garcia eta Sabin Bikandi grabau barri daben Kobreik! izeneko CDaren inguruko kontu batzuk argitzeko. Asierrek tanborra joten dau bertan eta Sabinek metalezko dultzainea edo gaitea, Bizkaiko dultzainea be esaten jakona. CDa, 16 jota, 6 arin-arin eta biribilketa batek osatzen dabe. Tanborra eta dultzainea huts-hutsik entzun geinke bertan, gure erromerietan ohikoa zan modura, ohikoa zan errepertorioa eta ohikoa zan modura jota, guri behintzat holan iruditu jaku.

Zelan hasi zinan dultzainea joten?

Kobreik Sabin Asier 2Sabin: Mutiko kaskondo bat nintzela, Santutxuko lagun eta musikari kide nebazan Jabi Santamaria eta Agustin Alonso etorri jatazan ia grabazio batzuk egiten lagunduko nebazan Barrankora, Kolaziñora, Juan Aiesta dultziñeruen baserrira. Beti iruditu jat, hasiera batean erdi itzultzaile modura deitu eustiela lagunok, eurak orduan euskaldundu barri egoazan, eta neu, inguruko indigena natiboa nintzenez, ba euskera “zerrau” haxe ulertu eta egiteko be banintzelako. Kontue da, zelan edo halan, Jabik eta Agustinek dultziñean mundua erakutsi eustiela, eta horrela ezagutu nebazan neure eredu eta iturri izan ziran lau musikari: Juan Aiesta (Aztegietakoa, Kolaziñokoa), Patxi Bilbao (Bargondikoa, Dimakoa), Juan Bilbao (Mañarikoa, Patxi Bilbaoren lehengusua) eta batez be Simeon Iragorri (Arrañoko semea, Labeara ezkondu eta bertan bizi zana, Galdakon). Urrago egoazalako edo, Juan Aiesta eta Simeonengana sarriago joaten hasi ginen/nintzen. Eta laster batera, Simeon Iragorri neure maisutzat hartu nebala esan daiteke, eta berak ni ikasletzat. Maisue kontu askotan, ez dultziñea jotzen bakarrik. Gizon handia zan, pieza batekoa, argia eta zentzuna, apala ta jatorra, susterrezko gizona, edo beste modu batean esateko, gizon berdaderoa. Beragaz ikasi neban grabaketa honetan merituzkoa dan guztia, akatsik balego, ikasle torpeari jagokoz akatsok. Simeoneri sor neuntson beragaz ikasitekoa kaleratzea, erakustea, besteren batek be, ikasi gurako baleu, katearen beste begi bat osatuz, geure dantza eta musikak aurrera egin dagien.

Dutzainea ala gaitea?

Kobreik Sabin Asier 1Sabin: Geuretzako dultziñea ta gaitea esku artean darabilgun musika tresnaren izena da, ta musikagilea deitzeko be, berdin antzera erabiltzen zan dultziñeru zein gaiteru izena. Juan Aiesta, esate baterako, Juan Gaiteru moduan zan ezaguna inguru askotan. Baina gaur egun, sarritan, dultziñea eta gaitea ezberdintzen dira, ez bakarrik izenakaitik, abizen ezberdinekaz erabilita be, “bizkaiko dultziñea”, “metalezko dultziñea” batetik, eta bestetik, “nabarrako gaitea” eta horrelakoak ohizkoak dira. Kontuak kontu, eta jatorriz eta aspaldi, musika tresna bardina bazan be, badagoz oraintxe aipatuko doguzan ezaugarri bereizgarri batzuk.

Nabarrako gaitea, gehienetan gaur egun, bikoteka jotzen da, duo bat eginez, danborraren laguntzaz. Hori dala ta, lagunegaz batera jokeran, afinazio eta armonia batzuen laguntzaz, behar bada, jotzeko modua zelan esango geunke ba, garbiagoa, afinatuagoa, borobilagoa, estandarizatuagoa, akademikoagoa bihurtu da. Horrek daukazan gauza on eta positibo guztiekaz. Tresnak be, hobetu egin dira, eta puntako teknologia erabiltzen da gaitagintzan, bai tresnak, bai fitak egikeran.

Gure dultziñea (esku artean dodan metalezko erramientea), ordez, bakarrik jotzen da, dultziñeroa ta tanborreroa beste barik, tanborreroa edo panderoa edo dagoena. Horrek askatasun handiagoa emoten dau jotzerakoan, eta horregaitik erregular (beste arrazoi asko be badagoz baina luze joko leuke aztertzeak), dultziñean oraindik aintzinako jotzeko modua mantentzen dogu, berezko afinazio horregaz, apaindurak egiteko modu berezi horregaz, eta inprobisaziorako ematen dauan askatasun guztiagaz. Esku artean dozuen grabaketa ez da aintzinako dultziñeroan jotzeko moduaren kopia huts bat, edo bertsio historiko-dokumental bat, geure jotzeko modua baino, geure proposamena, geure modure eta geure soinuegaz jota, eta hori bai, hemengo eta hango, baten eta bestearen eraginak agertuko dira, eta neurri handi batean, gure maisu zaharrenak (hori gurako geunke behintzat).

Zelako dultzainak erabili dozuez grabaketarako?

Sabin: Segun itxura, tresnaren egitureari begituta, metalezko dultziñea egurrezkoaren bertsio merkea zan hasieran, edozeinek eskuratzeko moduko tresna bat, kaletar zein baserritar. Gero, metalezkoak bere izakera berezkoa hartu eban, eta gure maisuentzat (Simeon, Juan Aiesta, Patxi Bilbao, Juan Bilbao...) dultziñea metalezkoa zan, beste barik. Egile famatuenak Pradere familikoak izan ziran, eta grabaketa honetarako be, Pradere-ren dultziñak, eta eredu berdineko dultziña barriak erabili doguz, ez grabaketa historiko-dokumental bat egitearren, baizik eta gustora jotzen doguzalako:

  • Simeon Iragorriren Pradereren dultziñea.
  • Demetrio Artxetxeren Pradereren dultziñea.
  • Juan Irustaren Pradere itxurako dultziña zahar markabakoa.
  • Koldo Telleriak eginiko Pradereren dultziña baten kopia.

Lehen aitatu dozue afinazio bereziaren kontua, azaldu zeinkie dan kontu hori?

Asier: Gaur egun musika entzuten dogun modue ta gure aurrekoena  ez da bardina. Dakigunez, lehenago, erritmoagaz batera, melodia  osatzen daben interbaloak eukien garrantzia eta ez horrenbeste, interbaloen modalitateak, edo beste modu batera esanda,  inportanteena notartekoak osatzen eben melodia zan,  notartekoen modalitatea baino (gehiago jakin gura  dauanak Sabinek Londreseko unibertsitatean idatzi eban tesi doktorala irakurri leike).

Aspaldiko tresnen afinazioa be, jotzeko eta musika ulertzeko modu horretan lagungarria zan. Azterturiko txistu, dultziña eta alboka zarrak behinik behin, teorian eman beharreko baino tonu laburragoak daukiez, eta tonu erdi luzeagoak, oktaba, zazpi zati bardin antzekotan banatzeko joera baleukie moduen. Horrela, modelo horregaz, errezagoa zan modalitate batetik bestera pasatzea, edo beste barik tartean egotea. Grabaketan afinazio berezi hau daukien dultziñak erabili doguz, eta jo be lehenagoko modura jo doguz, sarritan esaten dogunez, modu "maiormenorrean", Simeonek erabiltzen eban atzigiketa edo digitazioagaz.

 Zer da atzigiketarena?

Sabin: Asierrek esan dauanez, erabiltzen dan atzigiketa edo digitazioak be zerikusia dauka jotzeko moduan, hau da, notak emoteko erabiltzen dan atzamarrak jartzeko moduan. Gure dultziñean, tutua estua daukanez (estugunean 7,5 mm inguru, eta ez 9,5-10 mm gaita modernoen modura), atzamarrak beste modu batera erabiltzen dira, edo ziran, edo daitekez, eta gu behintzat, horretan saiatzen gara. Gaur egun Nabarrako gaiteroak erabiltzen daben digitaziñoagaz be jo leike, eta egia esan, neure kideak holan jotzen dabe, eta ondo jo be, Jabi Santamariak esate baterako. Baina neuk, batez be pasarte jakin batzuetan, maisu zaharren sistema erabiltzen dot, albokan ere egiten zan modura. Adibidez, goiko sol:Kobreik partitura 1

Beste batzuen artean (ez doguz konbinazio guztiak idatzi), honako jarrera edo atzigiketa ezbardinekaz jo leike, edo joten zan eta joten dogu (Sabiñek dultziñea hartu eta soinu bera modu ezbardinetan zelan joten dan erakusten deusku):

 

Kobreik partitura 2

 

Jarrera bat edo bestea aukeratzeko arrazoi ezbardinak dagoz, batzutan tresna hobeto ebatuta eukiteko, beste batzutan ohitura kontua be bada, baina batez be, inguruko noten arabera aukeratzen da jarrera bat ala bestea, hau da, segun eta nondik gatozan ta nora goazen. Esate baterako, aipatu dogun sol nota hori jotzeko, la notatik etorri ezkero eta bertora bueltatu behar ezkero, horrela joko geunke:

 

Kobreik partitura 3

 

Asier: Afinazioari buruz, kontutan hartzeko beste ezaugarri bat: dultziñean afinazioak be gora ta behera egiten dau, musturra, ezpainen presioa eta fita ezpan artean ipinteko lekue eta modue aldatu ezkero. Holan, atzamarrak mobidu barik, jarrera bardinagaz, sostenido ta bemolak, edo inguruko soinuak ataratzen dira, eta sarritan, lehen aipatu dogun legez, tarteko soinuak, ez bemol ez sostenido direnak, edo bemol zein sostenido moduan hartu geinkezanak.

Grabazinoan tanborrak garrantzi handia dauka, ezta?

Asier: Gu biok, danborreroak gara. Sabiñek, dultziñea jotzen  ikasi eban danborrero laguntzaile modura be ekiten eutsan  artean. Barriz, beste alde batetik be, danbolinterua da  ofizioz, danbolinterua txistularia baino gehiago esango neunke.

Sabin: Eta Asierrek, flautari, eta enpresa ikasketei be ekin eutsan, baina berea danborrari porronpopon eragitea da. Horregaitik konpontzen gara alkarregaz, eta horregaitik be, grabaketa honetan danborrak dultziñeak besteko garrantzie dauka. Simeonek be esaten eban danborrero on batek jantzi egiten dauela dultziñearen musika, eta dantzan dauenari be, puntuak argiago markatzen deutsozala.

Berezia da joteko erabili dozuen tanborra?

Asier: Azkenengo urteetan erdi modan jarri da danbor klase ezbardinak erabiltzea gure folklorean, segun eta ze instrumentogaz jotzen dan. Hau da, talde askotan ikusten dogu badagoela txistua laguntzeko tanbor berezia, atabala be deitzen jakona, badago gaitak laguntzeko danbor txikia, txirula laguntzeko metalezko danbor handia, baina hori bai, zuberotar itxura euki dagian koloretako zapi bategaz tapauta... Eta guretzat danbor bat danbor bat da, beste barik, gure maisu zaharrentzat zan modura, eta eskura euken danborrik onena erabiltzen eben lez, geuk be hori egin dogu, eta danbor dezente bat erabili dogu, 2005. urteko Black Swamp kaja bat.

Halanda guztiz be, ez dozue uste gaur egun holango grabazino bat egitea, dultzaina eta tanborragaz bakarrik, gogorregia izan eitekela jentearentzat?

Asier: Proiektua martxan jarri genduanetik argi genduan merkatuan saltzeko grabaketa bat ez genduala egingo. Beste tresna batzuk erabiltzeko tentazioa be euki gendun, musika Kobreik Sabin Asier 3entzungarriagoa, samurragoa egiteko, koplatan kantua sartzea be bai... Baina gure asmoa antzinako erara dultziñea ta danborra bakarrik jotzea da, berezko modura, konplexu barik, modu naturalean. Barriz, geure ustez, gero eta gehiago gara beste modu batez eginiko musika atsegin dogunok, gauza txiki eta sentziloakaz be disfrutatzen dogunok. Hortik aparte, proiektuak badauka zentzu pedagogiko eta dokumentala: aspaldiko jotzeko modua erakustea, dantzatzeko egokia dan musika egitea, jotaren gorespena, etabar.

Zer dira santamariaren paperak?

Sabin: Jabi Santamaria Vadillo, beste gauza askoren artean (dantza maisu, txistulari, soinulari, ikertzaile, kimikari, entrepresa zuzendari, seme eder biren aita...), dultziñeru fina izateaz aparte, dultziñaren inguruan izan dogun ikertzaile inportanteena da. Bere eskutik ezagutu neban dultziña mundua, eta bide honetan beti izan dogu lagun eta laguntzeko prest. Baina Jabik, jotzeaz aparte, grabaketak, entrebistak, transkripzioak, etabarrak egiteari ekin eutson hasieratik, gure koadrillako “enpolloia” izan da beti, langile zintzo eta nekaezina. Jabi Santamaria Vadillok kristoren lana egin dau zaharren tokeak grabatu, antolatu, aztertu, ikertu, klasifikatu eta osatzen, eta beraren laborategiko errestaurazio lanari esker, esku artean daukazuezan piezak grabatu ahal izan doguz. Zatiturik egoan errepertorioa galbahetik pasatu eta guztientzako erabilgarri diran dantzarako piezak osatu ebazan Jabik. Gure lantxo hau, bere lana goraipatzeko eta eskerrak emoteko modu bat izatea gurako geunke, horretara dator grabaketaren izena: Santamariaren paperak. Aire aukeratuak.

Asier: Bueno, egia esan, berezko izena, lehenengo burura etorri jakuna, eta horregaitik nahiz eta erdaraz izan, hor jarri doguna, “Selección de toques de  dulzaina de los papeles de Santamaria” da. Ez dakit... Guretzat esanguratsua da, erregular, “Los papeles de Humbold” edo burura jatorkuzalako.

Eta “Kobreik!” izena nondik dator?

Asier: Juan, Simeon, Patxi, Basilio, Demetrio... dantzaldi eta erromerietako animatzaille izan ziran, dantza, elkarregaz egoteko eta harremanak egiteko gure herrietako aukera nagusia zanean. Musikariak dantzaldia antolatu eta mantentzen eben, eta euren beharra inportantea zanalez ordaindu egiten jakien jotzeagaitik. Holantxik be, musikoen plazak udaletxetatik antolatu eta kontrolatzen ziran. Erromeri ezagunak egozan, batzuk ospe handikoak: Urkiola, Bizkargi, Artxanda, Begoña, Santa Eufemia, Oiz... Baina nahiz eta mendi eta baserri inguruko erromeriak garrantzitsuak izan, ez dogu ahiztu behar, dantzatokirik inportanteena, Bizkairako behintzat, Bilboko “La Casillan” egoala. Bertora etortzen ziran inguruetako dantzazale guztiak, eta baita be musikari eta jotalari artistak.

Dantzaldiak korrotan egiten ziran musikari talde bakoitzaren inguruan, eta dantzan egiteko, bikote bakoitzeko mutillek, dantza bakoitzeko ordaindu egin behar eben, txakur txiki bet, edo tokatzen zana. Guzti hau antolatzeko, musikariak kobradoreak be eroaten ebezan, eta gurasoak kontau dauskuenez, ohikoa zan, musikariak, joten eban artean, korroan egoazan bikoteak kontrolatzea, nork ordaindu eban ta nork ez, eta baten baino sarriago, kobradoreari agintzen eutson:

-Kobreik!

Sabin: Eta gure CD honetarako izen hori aukeratu dogu, “Kobreik!”, erromeri eta dantzaldiak gogoratu gurean, jota eta jotalariak... ofizioa ezagutzen eben musikarien sasoia, dantzaldien sasoia: Casillan eta Artxandan, Urkiolan eta Bizkargin...

Amaitzeko beste edozer esan gur bazendue...

Ba eskerrak emon. Eskerrik asko izan doguzan maisu guztieri. Eskerrik asko dultziñeru guztien etxekoari danagaitik. Eskerrik asko proiektu honetan parte hartu daben guztieri. Eskerrik asko laguneri laguntzearren. Eskerrikasko babesle ta laguntzaile guztieri. Eta eskerrik asko etxekoari beti hor egotearren.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.