Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Horman Poster eta Teatro Sotterraneo Azkuna Zentroan

Dokumentuaren akzioak

Horman Poster eta Teatro Sotterraneo Azkuna Zentroan

2015/05/12 09:35

Azkuna Zentroak datorren maiatzaren 16 eta 17an ikuskizun bikoitza eskainiko du Horman Poster eta bere gonbidatuarekin, Teatro Sotterraneo. Amphitryon programaren helburuari jarraiki, bertako konpainiak bere lana aurkeztuko du Azkuna Zentroan, eta anfitrioi gisa, nazioarteko konpainia bati egingo dio gonbita, Azkuna Zentroan esku hartzeko. Bertako konpainiak, bestetik, aukera izango du gero nazioarteko anfitrioiak hautatutako esparruan bere lana erakusteko.

Azkuna Zentroaren eta Euskal Herrian kokatuko zenbait konpainia/elkarteren artean partekatutako komisariotza-proiektua da Amphitryon. Hauek dira konpainiak: Horman Poster, Olatz de Andres, Helena Golab eta Ruemaniak-Sra. Polaroiska. Dantza eta antzerkiko proposamenak eta kalitatezko performancea eskainiko dira, gaur egungo mintzairak eta formatuak lantzen, egun-egungo edukietan oinarritutako kodeaz, Euskal Herriko eta nazioarteko diziplina anitzeko sorkuntza garaikide ez-konbentzionalaren osasunaren erakusgarri.

Horman Poster-en La Leçon

Azkuna Zentroak datorren maiatzaren 16an, 20.00etan Horman Poster-en La Leçon dantza ikuskizuna izango du “Amphitryon; Nik neure etxera gonbidatuko zaitut eta zuk zeurera” programa barruan.

'La Leçon' urrun dauden bi kulturatakoak diren bi lagunen arteko topaketa eta solasaldiaren emaitza da. Bata afrikarra da, bestea europarra. Bata senegaldarra, eta bestea euskalduna. Bata beltza, eta bestea zuria. Hitza eta mugimendua, istorioak eta beste bat izateko imitatzen duten gorputzak batzen dituen topaketa. Beste bat izateko ariketa konpultsiboa. Azken batean, antzerkia beste baten plantak egiteko artea baita. Kamuflatzeko margoa.

Matxalen de Pedrok eta Igor de Cuadrak elkarlanean sortutako proiektua da Horman Poster. Agertokirako mintzaira poetiko bat ikertzeko, partekatzeko eta eraikitzeko interesak bultzatuta hasi ziren elkarlanean, orainarekin, beren historiarekin eta beren biografiarekin hizketan ari den begirada abiaburutzat hartuta. Lan honetan Mbaye Senerekin aritzen dira elkarlanean. Griot etniako Senegalgo artista hau Bilbon bizi da, dantza eta perkusioko irakaslea da, eta perkusioko Sapali taldea zuzentzen du beste kide batzuekin batera (Bilbo). Gainera, Touba 44 konpainia sortu zuen Dakarren.

  • Eguna: maiatzak 16, 20.00etan.
  • Lekua: Jarduera Osagarrien Zentroa.
  • Prezioa: 8€ / 6€ Azkuna Zentroko txartelarekin.

 

War Now. Teatro Sotterraneo

Shared Space Project esparruan, Valters Silis (Lituania) eta Teatro Sotterraneo elkarlanean aritu dira Lehen Mundu Gerraren hasieraren 100. Urteurrena markatuko duen showa sortzeko. 1914an, propaganda mundu-mailan erabili zen lehenengo aldiz.

2014an, gerra psikologikoa ezinbesteko osagaia da estrategia militar guztietan. ‘War now!’ lanak etorkizunerantz proiektatu nahi du urteurrenaren zentzua, eta Hirugarren Mundu Gerraren berri emango duen joko bat egin nahi du, manipulatzeko teknika desberdinak erabiliz, hala nola infogerra, desinformazioa pornogerraren mugetaraino eramanda, entretenimendua anestesia ona baita izua baretzeko.

‘War now!’ esperientzia paradoxikoa da: antzezleek/ narratzaileek eta ikusleek/jokalariek hirugarren gatazka hipotetikoa aurkituko dute, pertsuasioaren azken muga den gerraren ikuskizunak duen eraginkortasunaz galdekatzeko. Wanna play the game?

Teatro Sotterraneo antzerki-taldea Florentzian sortu zen 2004an. Lan ugari egin, eta estatuko eta nazioarteko antzoki garrantzitsuetan aurkeztu ditu.

  • Eguna: maiatzak 17. 19.30etan.
  • Lekua: Jarduera Osagarrien Zentroa
  • Prezioa: 8€ / 6€ Azkuna Zentroko txartelarekin

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.