Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Errepertorio berezitasuna

Dokumentuaren akzioak

Errepertorio berezitasuna

2009/04/24 10:29

Direktorioaren aurkezpenean honela esplikatu genuen zer bilatzen genuen eremu horrekin: "Errepertorio berezitasuna: Taldeak egiten dituen dantzen artean berezia dena, bere herriko dantza delako, talde gutxik egiten dutelako, errepertorio horretan oso onak direlako,..."

Direktorioa euskal dantza taldeena da, beraz, aldez aurretik argi dago bertan izena ematen dutenak Euskal Herriko dantzak egiten dituztela. Errepertorio berezitasuna galdetu eta "Euskal Herriko dantzak" jartzen duena aditzera eman nahi du Euskal Herri "osoko" dantzak egiten dituela, eta hori ondo dago, baina errealitatea da euskal dantza taldeen %90ak egiten dituela (edo egiten saiatzen dela) Euskal Herri osoko dantzak. Eremu horrekin aukera eman nahi diogu talde bakoitzari bere espezialidadea, berezitasuna, zein den esateko. Talde batzuk gauza asko egiten dituzte ondo, baina beti izaten da esparru bat besteetan baino emaitza hobea izaten dena, edo akaso oso talde gutxik lantzen dutena delako, talde hori berezi egiten dutena. Emanaldi gutxi daudela maiz esaten da, eta emanaldi gutxi izanik talde guztiek produktu bera edo oso antzekoa eskaintzea ez dirudi horri buelta emateko bide aproposena.

Eta berezitasunik ez badut? Ez da ezer gertatzen, hutsik utzi daiteke eremu hori, beste zenbait taldek utzi duten bezala, baina uste dut taldeentzat mesedegarri dela horri buruz gogoeta egitea. Beste 100 talde badaude nik eskaintzen dudan gauza bera eskaintzen dutenak, ez litzateke txarra nire eskaintza horri ezaugarri berezi batzuk ematen pentsatzea hastea. Horrek ez du esan nahi Euskal Herri osoko dantzak egiteari utzi behar diodanik. Orain egiten dudan errepertorio bera lantzen jarrai dezaket, baina gure taldea zertan den hobea edo besteek ez duten zer eskaintzen dudan pentsatzea ez litzateke txarra. Noski, gaitasun handiko talde batzuentzat Euskal Herri osoko dantzak goi mailan eskaintzeko duten ahalmena izan daiteke berezitasuna, baina gaur egun iruditzen zait oso talde gutxi direla horretarako gai, eta talde guztiek gauza bera eskainiz gero, horiek ere itzalean geratzen dira.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.