Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantza Hirian 4. jaialdiaren balantze oso baikorra

Dokumentuaren akzioak

Dantza Hirian 4. jaialdiaren balantze oso baikorra

2009/11/24 16:07
Dantza Hirian 4. jaialdiaren balantze oso baikorra

Argazkiak: Iñaki Zugasti

Dantza Hirian jaialdiak, bere dimentsio anitzekin, berretsi egiten du horrela 600.000 biztanleko hiri korridorea osatzen duen Baiona‑Donostia euskal Eurohiriko panorama kulturalean ezinbesteko erreferente bihurtzeko duen asmoa.

Dimentsio geografiko, mugaz gaindiko eta ibiltaria: 11 konpainia, 40 artista, 3 hiri berri, 7 herri programatuta

Irailaren 15etik 27ra, 11 konpainiaren eta 40 artistaren agertoki bihurtu da Eurohiriko arkitektura. Aurten, jaialdiaren helburu nagusia Euskadiko koreografoen lanei bultzada berezia ematea izan da, eta horregatik eskaini zaie leku berezia programazioan: jaialdira gonbidatutako 11 konpainietatik 6 Euskal Herrikoak ziren. 6 konpainia horietatik bik gure lurraldetik kanpo egiten dute lan.

Jaialdiak aurreko urteetan izandako arrakasta ikusita, Dantza Hirianek beste hiru herri sartu ditu bere ibilbidearen barruan —Errenteria, Azkaine eta Ziburu—, eta horrela 7 izan dira guztira programan parte hartu duten herriak.

Publiko mota orori zuzendutako ikuskizunez betetako 8 ordu eskaini ditu jaialdiak, 15 minutuko lanetan banatuta, Eurohiriko 20 hiri-espaziotan, ikusleei bertara hurbildu eta dantza garaikidea kopuru txikitan dastatu eta gozatzeko aukera eskainiz. Dantza Hirian jaialdian, publikoa joan-etorrian ibiltzen da, eta ohartu gara jaialdiari hiriz hiri jarraitzen diola.

Dantza Hirian 2009 - 03


Dimentsio soziala: 9.200 ikusle

Dantza Hirian jaialdiak bere horretan ateratzen du dantza kalera, tramankulurik gabe, txartel-leihatilarik gabe, kalean jende asko ibiltzen den unean —iluntzean—, erlaxatzeko ezin egokiagoa den une horretan, non belaunaldi desberdinek, elkarrekin nahastuta, askorentzat ezezaguna den arte mota hau ezagutu eta partekatu dezaketen.

Horrela, jaialdiak 9.200 ikusle izan ditu aurten, 2008an baino % 27,77 gehiago.

Dimentsio sortzailea: artista egoiliar 1, 2 sentsibilizazio-ekintza


Dantza Hirianek badu artista egoiliarren programa bat, sorkuntzari laguntzeko Aterpean programa hain zuzen, eta horri esker Iker Gomez Konpainiaren lan orijinala sartu ahal izan du bere programazioan: “APPLE STREET”.

Iker Gomez koreografo gaztea (1978) eibartarra da sortzez, eta Madril eta Bartzelona artean banatzen du bere jarduera profesionala. Joan den otsailean Aterpean programak egindako deialdian hartu zuen parte, eta bere lana izan zen hautatua mundu osoko 50 koreograforen proiektuen artean (horien artetik 11 Euskadikoak ziren eta 4 Akitaniakoak).

Ikerrek Gare du Midi-n egin zuen bere egonaldiaren lehen zatia, “Malandain Ballet Biarritz” Koreografia Zentro Nazionalean, ekainaren 29tik uztailaren 10era. Eta abuztuaren 3tik 14ra Artelekun egon zen, Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostian duen Arte Zentroan, ondoren bere lanaren lehen emanaldia jaialdian eskaintzeko.

Apple Street Donostian (irailaren 18an), Irunen (irailaren 19an) eta Baionan (irailaren 26an) ikusi ahal izan zen.

Bi sentsibilizazio‑ekintza ere antolatu dira Aterpean sorkuntzari laguntzeko  programari beste bultzada bat emateko. Lehena, 3 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzendua, uztailaren 4an egin zen, Donostiako FNACek udan antolatzen dituen lantegien barruan. Bigarren ekintza uztailaren 10ean egin zen, Goyeneche fundazioaren Irungo, Errenteriako eta Donostiako egoitzetako adimen‑urritasuna duten helduentzat: beren familiek lagundurik, haiek ere dantzaz gozatzeko aukera izan zuten Miarritzeko Gare du Midi-n, sorkuntzaren lekuan bertan.

Iker Gomezek, beraz, modu aktiboan hartu du parte, hiru hilabetez, Eurohiriko bizitza kulturalean.
Dantza Hirian 2009 - 02


Dimentsio pedagogikoa: 1270 haur

Bi sentsibilizazio‑ekintza horiek bat datoz jaialdiaren helburu nagusiarekin, hau da, publikoa oro har eta gazteenak bereziki dantza garaikidearen alorrera gerturatu eta sentsibilizatzearekin. Xede horrekin, Dantza Hirianek bi hiri berri sartu ditu bere eskola‑programazioan. Hendaia ez ezik, Ziburuko eta Azkaineko frontoiak ere haurren txalo eta barreen aterpe izan dira aurten. Horrela, bikoiztu egin da jaialdiaren atal honetan parte hartu duten ikasleen kopurua, aurten 1.270 izan baitira.

Kopuru hori nahiko esanguratsua da, kontuan hartzen badugu hiru herri horietan eskolatuta dauden ikasleen kopurua 2.276koa dela (1.500 Hendaian, 407 Ziburun eta 369 Azkainen). Dantza Hirianek eskolentzat proposatutako ikuskizunetara, beraz, herri horietan eskolatutako haurren % 55 etorri da.
Hendaian 734 ikaslek hartu zuten parte eskola‑programa honetan, hau da, eskolatutako ikasleen % 49k. Ziburun, berriz, 224 ikasle etorri ziren emankizuna ikustera, eta portzentaje hori, beraz, % 55ekoa izan zen. Azkainen, azkenik, ehuneko hori are altuagoa izan zen, % 84koa hain zuzen, 310 ikaslek ikusi baitzuten dantza‑emankizuna.


Dimentsio profesionala: 2 masterclass, profesionalen topaketa 1

Dantza Hirianek doako bi masterclass eskaini ditu profesionalen, tokiko ikasleen eta jaialdira gonbidatutako konpainien arteko komunikazioa bultzatzeko asmoz. Gainera, profesionalen arteko hartu‑emana sustatzeko filosofia horren barruan, jaialdiak Akitaniako operadore kulturalen ordezkaritza profesional baten bisita izan zuen irailaren 18an eta 19an. Topaketa hori OARAk antolatu zuen, Akitaniako Agentzia Artistikoak.

Dantza Hirian 2009 - 01


Lankidetza dimentsioa: 31 erakunde kolaboratzaile, “Aquitaine en Scène” labela

Dantza Hirianen 4. urte honetan, jaialdiak 31 erakunde kolaboratzaileren sostengua izan du: iaz baino % 13 gehiagorena. Aipatzekoa da “Malandain Ballet Biarritz” Koreografia Zentro Nazional entzutetsua ere proiektuari lotu zaiola erakunde kolaboratzaile gisa.

Jaialdiak, gainera, “Aquitaine en Scène” labela eskuratu du. Akitanian udan izaten diren jaialdien erreferente garrantzitsuenetakoa da “Aquitaine en Scène”, 130 kultura‑emankizunetan barrena bidaiatuz eskualde hau deskubritzeko gonbitea egiten duen programa interesgarria.

Dimentsio internazionala: CQD sareari lotuta

Dantza Hirianek harresirik gabe, muga kultural edo linguistikorik gabe ulertzen du dantza, eta lurraldea, berriz, bere osotasunean harturiko espazio eszeniko gisa, non praktikak, artistak, profesionalak eta publikoak mugarik gabeko elkarreraginean aritzen diren. Ikuspegi horrekin, jaialdi hau CQD —Ciudades Que Danzan (dantza egiten duten hiriak)— sare internazionalari lotuta dago, zeina gaur egun 32 jaialdi europar eta latinoamerikarrek osatzen duten.

Eta urtero ohikoa izaten den legez, Dantza Hirianek bideo‑ziklo bat antolatu du aurten ere Donostiako FNACen CQD sarea aurkezteko. Emanaldi hartan beste hainbat aukera, beste hainbat ikuspegi ezagutu genituen, sare honi lotutako beste hainbat jaialdi independenteren eskutik.

Hori guztia dela eta, hiri-paisaietan egiten den mugaz gaindiko Dantza Hirian jaialdiaren laugarren urte honetako balantze orokorra oso baikorra da, eta aurrera egitera bultzatzen gaitu, emaitza guztiak positiboak izan baitira.

Emaitza positibo horiek erakusten dute proiektu honek interes handia pizten duela Eurohiriak hartzen duen lurraldean, eta erakunde publikoen aldetik jasotako onarpenak are gehiago sendotu ditu bai jaialdia, baita bere helburua ere, dantza garaikidea edonoren esku jartzea, alegia.

Helburu hori lortzeko asmoz, eta bere jarduerak dibertsifikatzeko, Dantza Hirianek urteko programazio bat antolatzea aurreikusi du 2010erako. Bultzada berri honi esker, jaialdiaren bosgarren urtean posible izango da Eurohiriko hiri‑espazioetan topaketetarako eta sorkuntza garaikiderako elkargune iraunkor bat eratzea.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.