Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantza-estiloaren transformazioaz hitz batzuk

Dokumentuaren akzioak

Dantza-estiloaren transformazioaz hitz batzuk

2008/12/11 10:20
Dantza-estiloaren transformazioaz hitz batzuk

Argazkiak: Erniozaleak K. E.

Nik aditzera banuen Aiako Iturriotz auzoan, San Joan festetan (Iturriozko elizak San Joan baitu izena) juntatzen zela jende multzo bat estilo horretan dantzan egiten zuena; banekien baita ere Tapia eta Leturia han izaten direla urtero eta ez dutela inola ere kale egin nahi izaten; eta, inoiz edo behin ikusi izan dut jende multzo hori dantzan Ernio egunean, Zelatunen egiten den erromerian. Baina aspaldiko kontuak dira horiek: ez naiz aspaldiko urteetan Ernioko erromerian izan, eta sanjoanetan beti lanpetua egon izan naiz Zarautzen Aurreskua ateratzeko lanetan. Baina aurten, 2008ko ekainean, egokiera izan dut dantza-taldeko lagun batzuekin Iturriozko sanjoanetan egiten den gaueko erromeria ikusteko.

Lehendik ere literaturaren bidetik landua neukan gai baten inguruan idazteko gogoa piztu zidan Iturriotzen ikusitakoak, baina bizi garen gizartean zientziak nahiz idazkera estiloak oso bereiztu zaleak garenez (gauza bat omen da nobela, beste gauza bat saiakera, eta haietatik diferentea berriz ikerketa-lana) artikulu baten itxura emanaz idatziko ditut oraingoan hausnarketa horiek: dantza-estiloaren transformazioaz nahi nuke idatzi. (Hasieran pentsatutako izenburua, "Dantza-estiloaren eboluzioa Zarautzen XX. mendean", esajeratua zela segituan konturatu bainintzen eta oraingo honekin trukatu nuen).

Zarauzko folklorearen inguruan egindako ikerketetan, XX. mende hasierako bi protagonisten dantza-ibilerek atentzioa eman zidaten hasieratik: aurrenekoa Manuel Txapartegi Amuña zarauztarra zen, dantzari amorratua, 1920. hamarkada bitartean Aurresku txapelketetan aritua eta haietako batzuk irabazia, nahiz eta laurogei urte hurrean eduki (ikus "Amuñaren garaia, dantzaren garaia" artikulua); bigarrena Bitxori Larrañaga aiarra zen, Zubigaindik (Zarauztik Oriora bideko gainetik) gertu dagoen Beobate behekoa edo Beote baserrikoa eta nire aitona zenaren ama: metro eta erdi luze eta ehun kilo pasako emakumea, makina bat dantza-apustu egina eta bat behintzat irabazia 1924an. Nik uste merezi duela Andres Egañak idatzitako apustu horren bertsio dokumentatua hitzez hitz ematea:

 

Bitxori Larrañaga

"Apustu xelebre bat izan zen 1924. urteko otsailaren 17an, arratsaldez, Beote baserriaren inguruan: Beoteko Bitxori zenaren eta Artzaya esaten zitzaionaren artean. Hura, 32 urtekoa, 1’45 metro gora eta 102 kilokoa. Honek, berriz, 34 urte zituen; 1’90 gora eta 80 kilo. Esandako orduan, ez ziren ageri ez bata ez bestea. Orduan errementari xelebrea izan zen Laureano Aramendik, korrua eginaraziz, Artzayari apustua bete behar zela esan zion, lotsatuta bait zegoen Artzaya inguruan hainbat jende ikusita: 1000 lagun inguru. Esan eta egin. Baina handik hamar minututara Artzayak apustua galdu. Epaile, sagardozale famatu zen Manuel Mari izan omen zen."

Apustuaren deskribapenak XX. mende hasierako dantza-sueltoaren estiloaz gauza asko esaten dizkigula iruditzen zait: ez digu ezer esaten dantza-pausuez, baina asko esaten digu dantzaren unibertsoaz, giroaz (ez ahaztu dantza-apustua izan zela), dantzak garai hartako gizartean zeukan tokiaz (mila lagun dantza-apustu bat ikusten, Zarautzek hiru mila biztanle izango zituenean) eta dantza-apustuaren balorazioaz ere bai: imajina ezazue 1’90 metro gora eta 80 kiloko gizona (garai hartan oso gizon luzea eta fina) eta ondoan metro eta erdi eskas eta ehun kilo pasako emakumea. Sinesgarria al da Bitxorik "Artzaya"ri apustua irabaztea?

Gure aitona zenak kontatzen zuen haren ama Bitxorik, gorputz handi hura zela-eta, ezin zuela bueltarik eman dantzan ari zenean, baina oso "dantzari fina" zela: hankak oso azkar mugitzen zituela eta "toki txikian" egiten zuela dantzan; eta, batez ere, "konpasa" oso ondo eramaten zuela (motibo horregatik irabazi omen zion apustua "Artzaya"ri). Gure aitona zena trikitilaria zen, erromeri giroan zaildua, Zarautz eta Aia inguruko hainbat eta hainbat festetan soinu-jotzen aritua. Zer esan nahi zuen "dantzari fina" zela esaten zuenean? Eta "konpasa" oso ondo eramaten zuela esatean? Azken batean, zer zen beretzat "ondo" edo "gaizki" dantzan egitea? Eta "ondo" edo "gaizki" soinua jotzea? Noski, haren kriterioak ez ziren guk dauzkagunak; haren garaia, ez da gurea.

 

Zelatun erromeria 2000

Egin ditudan galdera horiei erantzuten hasi aurretik, beste pare bat datu emango ditut aitona zenarekin izandako harremanaren inguruan. Aurrenekoa, arreba eta biak (dantzariak biak ere) urtebetetze festa batean dantzan hasi ginenean gertatu zenekoa da: aitona fandango bat jotzen hasi zen soinuarekin, bere ustetan erritmo egokian, baina arreba eta biontzat mantsoegi dantzan “ondo” egiteko (ez zen gauza bera gertatuko gaurko trikitilariekin). Halako batean esan genion: "aitita, azkarrago jo, horrela ezin da-eta dantzarik egin!". Eta berak: "Mugitu zuek azkarrago hankak!". Bigarrena, aitonarekin soinua jotzen ikasten aritzen nintzen garaikoa da: entsaiatzen ari nintzen batean, entzun zidan gero eta azkarrago ari nintzela, eta: "Azkarregi ari zera, Xabier. Hori ezinak egiten du." A ze arrazoia! Eta gero: "Hori ez da dantzarako erritmoa."

Bi eredu diferente aurrez aurre: gure aitona zenaren erromeri munduko dantza-suelto estiloa bata, niri Iturriozko sanjoanetako erromeriak gogora ekarri didana aurtengo udan. Garai bateko erromerien oinordeko den estiloa (aldaketak aldaketa, noski), besteak beste ezaugarri hauek dituena: dantzan egiteko estilo oso librea, estandarizatu gabea (Iturriotzen konturatu ginen, ia-ia bakoitzak bere pausua egiten zuela); besoak gerri paretik oso gutxi altxata eta bueltetan gerri parera jaitsiz (bueltak ematea erraztuz gerri eta besoekin lagunduta), toki txikian hankak azkar mugituz eta soinuaren erritmora egiten diren pausuak; soinu-jotzailearentzat kasik inportanteena soinuaren erritmo edo "konpas" konstantea eta (oraingo erritmoarekin konparatuz) oso azkarra ez dena eramatea helburu duen dantza-moldea, hori izanik "ondo jotzea" (horrek piezen melodiekin ere lotura zuzena du, izan ere, "molde zaharreko" piezetan, soinu-jotzailearen dijitazioa baino, erritmoaren markatzea errazten duten melodiak baitira egokienak); eta, jakina, dantza eta musika dibertsioaren nahiz festa-giroaren elementuak izatea, harremanetarako bide ematen dutenak. Irizpide hauen arabera interpretatu behar dugu Bitxori eta "Artzaya"ren apustuan emandako epaia.

Beste eredua, arrebak eta biok oso barneratua geneukana, dantza-taldeek zabaldu duten dantza-estiloa da. Zarautzen, Euskal Festa egunean etorri besterik ez dago herriak dantzan nola egiten duen konturatzeko: estilo estandarrak dira nagusi (bat baino gehiago, baina azken batean dantza-taldeek zabaldutako eredu estandarrak, elkarren oso antzekoak denak); besoak buruz gain, gerria ia mugitu ere egin gabe eta besoak ere ahalik eta geldien direla (txapelketetan aritzen diren birtuosoak dira salbuespen), ondo ikasitako pausuen segidaren arabera egiten da dantzan; eredu urbanoa da zeharo. Aurrekoaren moduan, eredu honetan ere festa-giroa da ardatz, baina haren transmisioa ez da festa-giro horretan egina izan, dantza-taldeek egina baizik. Eta zein izan da dantza-taldeen eredua? Ba, batik bat, dantza-suelto txapelketen eredua, pixka bat moldatua; jatorria erromerietan izanagatik, dantza-taldeen filtroa pasatako eredua da.

 

Iturriozko San Juan ermita

Hori izan daiteke hirugarren eredua, dantza-suelto txapelketena alegia. Hirugarren hau, oraindik bigarren eredua baino haratago doa: eredu horren arabera "ondo" dantzan egitea, egungo kirolean eta gimnasian erabiltzen diren irizpideen arabera neurtzen da: desplazamendu luzeak eta azkarrak egin behar dira, pausuen zehaztasuna baloratzen da, koordinazio erabatekoa bikotearen artean, inprobisazioarentzat ez dago tarterik... dantza-klase hori “ondo” egiteko oso sasoian egon beharra dago, gorpuzkera fina eduki eta urte askoan entsaiatu. Eta ez dago festa-giroan integratua, lehia eta ikuskizuna direlako haren motibazio nagusiak.

Oraindik bizirik dirauten hiru eredu horiek aztertuta, artikuluari bukaera emateko ondorio batzuk ateratzen saiatuko naiz dantza-taldeen ikuspegitik begiratuta:

  1. Orain artekoa irakurri ondoren, baten batek pentsa dezake aurreneko eredua, Iturriozko sanjoanetan ikusitakoa, eredu egokitzat hartzen dudala eta beste ereduak txartzat; edo dantza-txapelketen kontra idaztea dela nire asmoa. Ez da hala. Dantza eredu bat baino gehiago egotea, eta dantzarako inguru diferenteak egotea, aberastasun eta osasun onaren seinale direla iruditzen zait.

  2. Baina hori esatea ez da nahikoa. Izan ere, arrebari eta bioi aitonaren aurrean gertatu zitzaigun bezala, gure inguruan gertatzen ari dena da txapelketen eta dantza-taldeen ereduak nagusitzen ari direla; eta, hori dela-eta, sarri askotan eredu bakar horren irizpide jakin horiek darabilzkigula beste inguru batzuetako dantza-errealitateen balorazioa egiterakoan. Alegia, ez garela konturatzen dantza-sueltoan “ondo” egitea ez dela gauza bera txapelketa batean, Zarauzko Musika Plazan Euskal Festa egun batean, edo Iturriozko Bentako arkupeetan. Horren ondorenak dira hainbat egoera xelebre, edo penagarri: esaterako, lehendik dantzan egiten bazekien jendea akonplejatu izana (niri gertatu izan zait erromerietan dantzan ikasitako emakumea dantza-suelto ikastarora apuntatzea, “ondo” dantzan egiten ikasi nahi zuelako).

  3. Ezjakintasunaren seinale den testuinguruak bereizten ez jakite horretatik ez gaude salbu, inondik inora, dantza-taldeak. Iruditzen zait dantza taldeetan ez garela askotan jabetu gureaz aparte benetan balio duen eredurik badela. "Hau horrela da" edo “pausu hau berez horrela egiten da” moduko esamoldeak hitzetik hortzera erabiltzen ditugu. Ondo dokumentatuta eta lan luzearen ondoren atera diren saiakerak, etiketa bat jarrita kalifikatu ditugu: dantza-taldeen artean, "Arratiako sueltoa" esanda aditzera ematen ditugun koreografiak dira horren adibide. Hemen aipatutako aurreneko ereduaren arabera birsortutako koreografiak dira azken batean, garai bateko erromeri giroko espiritu hori jaso dutenak (bide batez esan dezadan zailena  "espiritu" hori jasotzea dela, nahiz eta dantza taldeetan dantza-pausuek besterik ez gaituzten arduratzen jeneralean). Baina estilo libretik sortutako koreografia horiek ere estandarizatzea da gure joera, konturatu gabe Euskal Herri zabalean tankera horretan dantzatzen zela orain dela ez hainbeste urte, eta horren arrastoak Iturriozkoa bezalako erromerietan dauzkagula.

  4. Eta gero musikariak daude; zer esanik ez, gaurko trikitilari gehienak txapelketa-girokoak gehiago direla erromeri girokoak baino, eta hori nabarmena izaten dela edozein festa edo erromeri moderno antolatzen denean: trikitixa-txapelketen moldera jotzen dute gehienek berbena edo festetan ere, alegia dijitazioari eta luzimendu pertsonalari arreta handiagoa jarriz dantzan ari denari baino.

Ez naiz luzatuko; hasieran aipatutako Amuña dantzariaren inguruan ere esan genitzake dantza-sueltoari eta haren arabera sortutako ereduei buruz esandako kontuak: alegia nola den posible laurogei urte betetzear dituen dantzariak bera baino askoz gazteagoak eta arinagoak diren dantzariei txapelketa batean irabaztea. Konpara genitzake haren garaiko "Fiestas Euskaras" edo Euskal Festetan antolatzen ziren Aurresku txapelketetako giroa eta Zarauzko Euskal Astean egiten diren Aurresku txapelketena. Antzeko ondorioak aterako genituzke seguru asko. Eta, herri musikaren transformazioa aztertuko bagenu, edo bertsolari ereduen aldaketa?... Merezi du, noski, azterketa horiek egitea; baina beste kupelako sagardoa denez, eta nire ahalmena ere mugatua, honenbesterekin konformatu beharko.

 

. “Lurtarra da begiratua”, Elkar 2004.

. Helbide honetan: "http://www.dantzan.com/edukiak/amuna/dantzaren-garaia-amuna-ren-garaia/"

. Jexux Zulaika Larrañaga, Beote trikitilaria (1914-2003)

. EGAÑA, A.: Jolasak eta jaiak. In Zarautz-ko gorabeherak historian zehar (Zarautzi buruzko ikerketak, III). Zarautz: Zarauzko Udala, 1987, 426. or.

Dokumentuaren akzioak

2008/12/11 12:36

Ederra erreportaia Xabier! Ta oso interesgarria. Ia heldu den urtean tarte bat hartu eta Iturriotz-era joaterik dugun.

2008/12/11 13:10

Oso ona, Xabier. Aspaldian kezkatzen nauten gaietako bat da. Zer moduz Oiartzunen?

2008/12/11 14:36

Bikaina, benetan. Azken finan egiten ditugun dantzen hausnarketa etengabe egiten dugu, baina gutxitan gure dantzamoldeen hausnarketa. Oso lan ona, eta erabat ados.

2008/12/14 01:06

Oiartzungo saioa ondo atera zitzaigun (Oiartzunen eman genuen kantaldiaz ari naiz, badaezpada diot, ez bainago seguru mezu hau publiko egingo den) eta Mantxik eta biok disfrutatu egin genuen. Uste dut jendea gustora joan zela etxera. Afalondoa ere bikaina, arjentinoekin eta han juntatu ginen euskaldunekin.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.